Hirukide. Kide Ugariko Familien Ekarteetako Euskadiko Federazioa

Noticias

Cabrera ministroak familia ugariei laguntzeko neurri berriak iragarri ditu (LA VANGUARDIA)

26-Urr-2008

Hezkuntza ministerioko titularrak aurreratu duenez, eskola-materialerako laguntza gehiago eta garraiobideetan beherapenak izango dira.

Mercedes Cabrera Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol ministroak gaur Iruņean iragarri duenez, hemendik gutxira, familia ugariei laguntzeko hainbat neurri onartuko ditu Gobernuak; era berean, familia ugariek hezkuntzarekiko "konpromisoa" har dezaten espero du, eskola-arrakasta lortzeko.

Cabrera ministroa Familia Ugarien VI. Batzar Nazionalaren buru izan da gaur goizean. "Mi familia, tu futuro" zen Kongresu horren izena, eta ekitaldian azpimarratu denez, "gizartea sostengatzen duen funtsezko zutabea da familia, eta gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko lankidetza, gazteen hezkuntza, eta zaharren, ezinduen eta mendeko pertsonen arreta bermatzen ditu". Horretaz gain esan duenez, hori lortzeko, Gobernuan "familien premiei behar bezala erantzuteko lanean ari gara" "hainbat norabidetako" neurriekin.

Besteak beste, honako hauek iragarri ditu: batetik, familia ugarien legeak garatzen duen araudia erreformatzea, familia ugariek errepide bidezko eta trenbide bidezko garraioetako beherapenak balia ditzaten, eta bestetik, ikasleen liburuetarako eta bestelako material didaktikoetarako laguntzetan lehentasunezko tratua areagotzea, ikasleek matrikula duten ikastetxea edozein izanik ere.

Halaber, Cabrera ministroak adierazi duenez, datorren urterako familia ugariei zuzendutako beste hainbat ekimen aurreikusi dira, eta horien artean, honako hauek azpimarratu ditu: batetik, aitatasun-baimena 20 egunetara luzatzea, eta bestetik, kotizazio gabeko amatasunagatiko diru-laguntza 14 egunetan luzatzea, diru-laguntza arrunta lortu ahal izateko Gizarte Segurantzak eskatzen dituen baldintza guztiak egiaztatzen ez dituzten ama langileentzat.

Familia ugarien alde egiten dugun lanaren "oso gertuko" adierazgarrietako batzuk dira horiek, eta dagoeneko badauden beste neurriei erantsiko zaizkie (bekak, haur-eskolak, lan- eta ezintasun-estrategia globala, edota autonomia pertsonala eta mendekotasunari arreta ematea).

Gobernuaren esanetan, bestalde, "familia ugarien eskuzabaltasuna eta ausardia onartzea guztiz beharrezkoa da, zailtasun ugariri aurre egin behar baitiete eta garrantzi handia baitute ikuspegi sozialetik". Hala ere, gobernuaren laguntza horrekin batera, Hezkuntza ministerioko titularrak familia ugariei "fabore bat, konpromiso bat" eskatu die:

"familiak eskola-arrakastaren aliaturik onenak bihurtzeko konpromisoa", zeren hori lortzea "ezinezkoa baita zuen laguntzarik eta lankidetzarik gabe", esan du ministroak, arlo horretan Espainiak Europako batezbestekoaren azpitik dauden tasak dituela gogorarazteaz gain.

Ministroaren iritziz, "familiaren laguntzarik gabe, tasa horiek ezin izango ditugu inoiz ere gainditu". Hala eta guztiz ere, Gobernuak lortu nahi dituen mailetara iristeak "banakako zein taldeko etorkizuna" irudikatzen ditu.

Bidali ohar hau lagun bati

Gobierno Vasco