Hirukide. Kide Ugariko Familien Ekarteetako Euskadiko Federazioa

Noticias

Familia ugariak? Gaizki, mila esker (ABC)

11-Aza-2008

Krisialdietan, eskola-fakturak etxeko ekonomia kaltetzen du, eta familiek, hilaren bukaerara iritsi ahal izateko, ez dute gastuak murriztu beste erremediorik. Gurasoek haurren heziketa ordaintzeko dituzten zailtasun ekonomikoen lekuko dira ikastetxe publikoak, pribatuak eta itunpekoak.


 Espainian hiru seme-alaba baino gehiagoko milioi bat familia daude. Horietako erdiak familia ugarien legezko kategoria dute, 21 urtetik beherako hiru seme-alaba baitituzte gutxienez, 25 urtetik beherakoak ikasleak badira. Gainerakoek ez dituzte baldintzak betetzen edo ez dute lege-maila hori eskatu. Hala ere, kategoria horrek dakarren laguntza ekonomikoa ez da nahikoa, eta beraz, gerria estutu beste erremediorik ez dute familia ugariek, batez ere oraingoa bezalako garai txarretan.


Etxeko zuloa


Seme-alaben heziketa da diru kopuru gehien ordaintzea dakarren kapituluetako bat, batez ere seme-alaba ugariko familien kasuan. Ordainagiriak biderkatu egin ohi dira, eta ez soilik ikasturtearen hasieran. Horrek familia-ekonomian izugarrizko zuloa eragiten du, batez beste 800 euroko ordainketa baitakar, ikastetxe-motaren arabera (publikoa, pribatua, edo itundutakoa) zenbateko hori handiagoa izan daitekeela kontuan hartuz. Ondoren, hileroko bakoitzari aurreikusitako eta aurreikusi gabeko kontzeptuak erantsi behar zaizkio, ekonomiaren kaltetan.
Nieto familiaren kasuan, eskola-adineko zazpi seme-alabek itundutako ikastetxe batean ikasten dute (txikiena oraindik gazteegia da eskolara joateko), Madrilgo probintziako Majadahonda udalerrian. Irakasleen kooperatiba gisa antolatua dago ikastetxe hori. Irakaskuntza doakoa da, baina hori baino ez, eta gainera, legeak ezartzen du doakoa izatea.


Haurrak eskolan hasten direnean, gastu oinarrizkoenak (esaterako, eskola-asegurua, kabinete psikopedagogikoa eta administrazio-eskubideak) frogatzen dutenez, guztizko doakotasuna utopia hutsa da. Nieto familiak 600 euro ordaindu behar izan ditu kontzeptu horien truke.


Sakotontziko menua


Hala ere, diru-igoerak ez dira horiekin amaitzen. Liburuak, arropa eta ezustekoak (txangoak edo eskolaz kanpoko jarduerak) inbertsio horri gehitzen zaizkio. Testuetarako laguntzak jasotzen dituzte, baina gastuen zati bat baino ez dute estaltzen. Haurrak hornitzeko, hainbat trikimailu egin behar dituzte. «Arropa ahalik eta beranduen botatzen dugu, dagoeneko balio ez dienean, eta denboralditik kanpo erosten dugu arropa gehiago, gastuak pila ez daitezen», esan du Isabelek, eta «desohoragarria ez den» aukera bat gomendatzen du, arropa oinordetzan hartzekoa, eta eskolan ahaztuta uzten duten eta inork ere erreklamatzen ez duen arropa aprobetxatzekoa, hain zuzen ere. Horixe da, izan ere, CEDE konfederazioak (Ikastetxeen Espainiako Konfederazioak) krisialdi ekonomikoari aurre egiteko sortu duen ekimena. Liburuei dagokienez, Ińigok ez du ulertzen «zer dela-eta aldatu behar ote diren urtero». Kirol-arroparen kostu altuarekin ere ez dago ados. «Zentzuzkoa al da 60 euro bitarte ordaindu behar izatea txandal bat erosteko?».


Eskola-jantokiak hileko ehun euro baino gehiago balio du. Zenbait eskolak etxetik menua eramatea uzten diete ikasleei, hala nahi badute, eta jantokiko zerbitzuak erabili ahal dituzte ikasle horiek, zenbateko txiki baten truke, inoiz ere 40 eurotik gorakoa ez. «Aukera ona izango litzateke nire seme-alabentzat -esan du Isabelek-, baina bere eskolan ez dute sakotontzirik eramaten uzten». Hortaz, «etxean bazkaldu behar dute, hileko ia mila euroko gastua aurrezteko». Horretarako ematen diren laguntzak soilik lau haurren onurarako izango lirateke, eta guztizko kostuaren % 11ra ere ez lirateke iritsiko. Beraz, laguntza hori ez onartzea erabaki dute. Seme-alabak ez dituzte eskolaz kanpoko jardueretara eramaten, eta beren eskola-ibilbide propioa dute, familiaren autoan. Prestakuntza-orduaren truke 130 euro bitarte kobra dezakete ikastetxeek hilero, eta beraz, hori ere ez onartu baino beste aukerarik ez dute. Izan ere, zenbait kasutan, 1.300 euro ordaindu behar izan dituzte hileko.


Eguneroko bizitzari aurre egiteko modu berezi horrek alde onak ere baditu: esturan eta indar handiz bizitzen eta beharrik ez sortzen ikasten laguntzen du.  «Haurrak zoriontsuak dira, eta harro daude duten familiaz», esan dute gurasoek.


Seme-alabak ikastetxe pribatuetara eramatea erabakitzen dutenek ere gabeziei aurre egin behar diete. Martak eta Jose Mariak 7 eta 16 urte bitarteko lau seme-alaba dituzte, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik Batxilergora bitartekoak. «Hezkuntza pertsonalizatuan inbertitzeak lehentasuna duela» uste dute. Horregatik, «ikastetxe pribatuak aukeratu ditugu gure seme-alabentzat, kalitate handiko hezkuntza ematen baitute eta beraientzat nahi ditugun baloreak irakasten baitizkiete», esan du Martak.


Herentziarik onena


Beren aburuz, seme-alabei utz diezaieketen herentziarik onena hezkuntza ona da, eta nahiago dute familia-aurrekontuaren zati handi bat ikastetxe pribatuetara zuzentzea eta bestelako jarduerak murriztea edo kentzea. Are gehiago, etxebizitzaz aldatu ziren ikastetxea eskurago edukitzeko. «Orain -esan du Martak-, zaharrenak etxera etortzen dira bazkaltzera era txikienek eskolara eramaten dute sakotontzia bazkariarekin». Gastuak murriztu beharrak beste hainbat eremutan ere badu eragina. «Garbitzaileari diru gutxiago ordaintzea erabaki dugu, eta beraz, orain ordu gutxiago ematen ditu etxea garbitzen». Horretaz gain, «adiskideen arropa eta liburuak oinordetzen ditugu, eta arropa berria erosteko, beherapenak iritsi arte itxaroten dugu», esan du Martak. Aurreko kasuan bezala, eskola-ibilbidea dirua aurrezteko beste elementu bat dute. Amak eramaten ditu haurrak eskolara, alaba zaharrena izan ezik, «hura ikastetxez aldatu baita, eta orain metro bidez joaten da».

«Gure benetako aldapa ez da urtarrilekoa, ikasturtearen hasierakoa baizik», esan dute Isabel eta Ińigok; zortzi hilabete eta 13 urte bitarteko zortzi seme-alaba dituzte. Familia ugari hori modu abegitsuan aprobetxatutako ehun metro karratuko etxebizitza batean bizi da, eta filigranak egin behar dituzte etxean sartzen den soldata bakarra (Ińigorena) tenkatzeko. Isabelek ez du lan egiten, izan ere, lan egingo balu «etxean laguntza beharko genuke, eta jantoki-zerbitzua eta eskola-garraioa erabili beharko genituzke, horrek hileko faktura asko handiagotuko luke, eta ia ezin izango genuke jasan». 

Bidali ohar hau lagun bati

Gobierno Vasco