Noticias
Zergak jaistea, krisialdirako errezeta
14-Urt-2009
Getxoko PP alderdiak saltokientzako eta familia ugarientzako zerga-beherapenak eskatu ditu
Udal-zerga eta -tasak jaistea. Horixe da Getxoko PP alderdiak krisialdiari aurre egiteko proposatu duen errezeta. Proposamen hori eztabaidatzeko, ezohiko osoko bilkurarako deialdia eskatu zuen atzo. Merkatarientzat eta familia ugarientzat onuragarri izatea eta ondoriozko diru-sarreren jaitsiera udal-gastuaren austeritate handiagoarekin konpentsatzea proposatu du Marisa Arruek.
Zifretan, Getxok 3 milioi euro inguru sartzeari utziko lioke proposatutako neurriak hartuko balira. Defizit hori erraz estaliko litzateke, alderdi horren tokiko bozeramailearen arabera: «Udalak 20 milioitik gorako soberakina du, aurreko urteetakoa. Horretaz gain, gastu arrunta ere jaitsi beharko litzateke, gutxiengoan dagoen EAJ alderdiaren gobernu-talde honekin asko areagotu baita». Marisa Arruek argudiatu duenez, txikizkako merkataritzak % 8,7ko jaitsiera izan du, eta hori dela-eta, haren aburuz, sektoreari laguntza eman behar zaio.
Laguntza-neurrien artean, zaborren tasari % 86ko beherapena aplikatzea proposatu du PP alderdiak saltokientzat, «neurriz kanpoko prezioak baititu Getxon», eta baita egun kaleen arabera aplikatzen diren kategorien aldeak ezabatzea eta negozioaren jarduera eta neurria kontuan hartuko dituzten baremoak ezartzea ere.
Familia ugariak
Familia ugariei dagokienez, 2006ko estatistika-datuez baliatu da «udal-laguntza txikiak eraginkorrak ez direla izan» adierazteko. PP alderdiko bozeramaileak jakinarazi duenez, horrelako 947 familia daude Getxon, horietako 38 familiak eskatu dituzte hobariak soilik, eta 9 baino ez dira izan hobari horien onuradun. Hori dela-eta, Ondasun Higiezinen Zergaren kasuan, hobari horiek eskatzeko epea luzatzea eskatuko du, horrela eskaera gehiago egingo bailirateke, bere iritziz. Beste iradokizun bat ere egin du, familia ugariek estolda eta zaborragatik eta seme-alabak Musika Eskolan matrikulatzeagatik prezioaren erdia ordain dezaten, hain zuzen ere.
Beste adibide batean, hiru seme-alaba dituen familia bat hautatu du, 37.250 euroko balio katastraleko etxebizitza bat eta Musika Eskolan matrikulatuta dagoen haur bat dituena. «Gaur egunean, EAJ alderdiak ematen duen kendura zuzenarekin, familia horrek 782,18 euro ordainduko lituzke, eta PP alderdiaren neurri sortarekin, ostera, 584,46 euro», adierazi du. PP alderdiko bozeramaileak Imanol Landaren gobernu-taldea kritikatu du, bere ustez «egungo krisialdi-egoeran ezin baita ezer ere egin gabe egon eta ostrukaren politika aukeratu. Egoera hori konpontzeko, plan serio bat landu behar da», ondorioztatu du.
Landaren erantzuna
Gobernu-taldeak proposamen horiei berehala erantzun die. «PP alderdiaren erabateko arduragabetasuna eta kontraesankortasuna» salatu du. Horretaz gain, gobernu-taldearen arabera, «PP alderdiak, batetik, ohiko diru-sarreren ikaragarrizko murriztapena eskatzen du, eta horrek Udalaren ekonomia desorekatuko luke, eta bestetik, hilero aurkezten dituen mozioen segidaren bitartez, udal-gastua handiagotzea proposatzen du». Landaren aburuz, ekimen hori «erabat elektoralista eta oso zuhurtziagabea da, are gehiago krisialdian gaudela kontuan hartuta».