Noticias
Umeek estu eta larri jarri dituzte agintariak (EL MUNDO)
21-Ira-2009
“Zergatik ordaindu behar dugu zerga gehiago auto handiago bat edukitzeagatik? Nik aulki bat baino ez dut eta…” galdetu du bost urte besterik ez duen neskatila batek. “Eta nik batzuetan ezta bat ere “, dio etsipen xaloaz antzeko adina duen mutiko batek.
Oraingoan ez da euren gurasoen pazientzia kolokan jartzeko txikiek ohikoak dituzten haserrealdi horietariko bat. Agintariak dira, haurrek beraiek dioten bezala, euren egunerokotasunean ere galdetu ohi dituzten galdera ezerosoen hartzaileak. Duten adinari dagozkion xalotasun eta alaitasunetik, baina akademiko baten seriotasun eta erantzuna jasotzeko grina berarekin.
Ekimen bitxi bezain original honekin, Euskal Herriko Kide Ugariko Familien Elkarteak, Hirukidek, kanpaina bat abiarazi nahi izan du eraginkortasun handiagoaz helarazteko euren aldarrikapenak: justizia eta onarpena. Natalia Diez-Caballero Hirukideren Zuzendariak esan bezala, “egokitasunez baloratu behar da seme-alabak edukitzeak gizarte aurrerapenari egiten dion ekarpena”.
Era berean, bideo honen bitartez kide ugariko familiek nabarmendu egiten dute ez dituztela laguntzak ezta limosnak ere eskatzen. “Gure kolektiboarekin sortzen diren bidegabekeria batzuen gaineko arreta deitu nahi dugu, zerga, tasa edo prezio publiko bidezko zigorrak nabarmenduta, ezartzeko orduan ez baitute aintzat hartzen famili unitate bakoitzaren kide-kopurua”.
Justizia seme-alabak dituzten familia guztientzat
Modu berean, kide ugariko familien elkarte guztietatik familia guztiei oro har, kide ugarikoak izan ala ez, eragiten dieten esparru guztietan sustatzen dira aldarrikapenak. Lana eta familia bateratzearen inguruko gaiak, lan-ordutegien eta eskoletakoen arteko aldeak edo emakumea lan-mundura askatasunez sartzea, kasu, aldarrikatzen dira, unibertsalak diren beste batzuekin batera, esate baterako, BEZ (% 16) murriztea premiazko ondasunei dagokienez (pixoihalak, biberoiak eta abarrak).
Espainian kide ugariko milioi erdi familia daude, eta haietariko asko Estatu guztian sakabanatuta dauden elkarteetako kideak dira, eta elkarte horiek, aldi berean, Espainiako Kide Ugariko Familien Federazioan biltzen dira.