Noticias
Bizkar zorroak bete, diru zorroak hustu
22-Ira-2009
Iraila iristearekin batera, ikasleen gurasoek dirutza xahutu behar izaten dute eskolarako materiala erosten. Urteroko gastua krisi bete-betean egin beharko dute aurten. Kexu dira, gastua gehiegizkoa dela uste baitute.
Zerrenda amaiezina da: koadernoak, lapitzak, bolalumak, karpetak, ezabagomak... Eta bizkar zorroa bete liburu. Iraila eta ikasturte hasiera iristearekin batera, horiek denak erosi beharrean izaten dira ikasleak. Eta ikasleen beharra gurasoen erosteko betebeharra da. Hilabete bukaerara iristeko zailtasunak sortzen ditu etxe askotan aparteko gastu horrek. Are aurten, krisi ekonomiko bete-betean.
Zerrenda luzea da, eta amaierako prezioa ere bai. EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak egindako ikerketaren arabera, 560 eta 1.300 euro artean ordaindu behar izaten dute gurasoek seme-alaba ikasleen eskola sartzea. Zer aukeratzen den, aldeak nabarmenak dira. Eskola publikoak dira merkeenak; itunpekoak, tartekoak; pribatuak, garestienak. Hala ere, eskola gastuetan, merkeena dena ere ez da merkea; garestiena, bada garestia.
Kontuak galtzeko modukoa da zenbakia, baina, EKAko ordezkari Jose Luis Seguraren arabera, aurreko urteetakoa baino txikiagoa da gastua, krisiaren eraginez. «Produktu batzuk iaz baino merkeago daude: arropa, adibidez. Gainera, familien poltsikoak hustuago daude aurten». Liburuak dira gastuaren zati handienetakoa hartzen dutenak. EKAren arabera, iazko prezioa baino %2 garestiago daude aurten eskola liburuak. Prezioa igo bai, baina gutxiago: azken 15 urteetako igoerarik txikiena izan da aurtengoa.
Igoera txikiena ere ongi aski nabaritzen dute seme-alaba ugari dituzten familiek. «Familia ugarientzat, handiagoa da iraileko aldapa. Liburu gehiago erosi behar, matrikulak egin behar...». Hirukide elkarteko presidentea da Natalia Diez Caballero. Liburuen mailegu programez inoiz baino galdera gehiago jaso dituztela adierazi du, aita-amek liburuak ordaintzeko arazoak dituzten seinale. «Familia horietako batzuek ez zuten pentsatu ere egingo liburuak maileguan hartzea». Krisiak eta langabeziak eraginda, hala egin behar izan dute.
Eusko Jaurlaritzaren mailegu sistema LH Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan dago martxan. Nafarroako Gobernuak LHko azken lau ikasturteetakoen eta DBHko lehenengoei uzten dizkie doan liburuak. 2011-12ko ikasturterako, LHko eta DBHko ikasle guztiek jasoko dituzte dohainik.
Diez Caballerok ez du begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzak eskola publikoetako ikasleei soilik uztea liburuak maileguan. Segurak dio neurri egokia dela: «Dirua aurrezten dute gurasoek, eta ikasleen artean balore onak indartzen ditu, liburuak zaindu behar direlako». Dena dela, liburuek doakoak behar dutela uste du. «Hezkuntza funtsezkoa bada gizartearentzat eta etorkizunarentzat, eta eskubidea denez gero, Administrazioak ordaindu behar lituzke».
Bazkaria, etxetik
Krisi ekonomikoa arrazoituta, ikasleen guraso elkarteek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote baimentzeko haurrek etxetik eramatea bazkaria, hartara jangela ordaindu beharrik ez izateko. «Hiru-lau haur badituzu jantokian izugarria da gastua. Gainera, gehienetan, ezinbestean uzten ditugu, lana bateraezina litzatekeelako bestela», adierazi du Diez Caballerok.
Egoera aztertzeko bilera egin zuten atzo bertan Hezkuntza Sailak eta ikasleen gurasoen elkarteek. Eusko Jaurlaritzak ez du egoki ikusten etxetik ematea jatekoa, ikasleen artean desberdintasunak sortuko liratekeelakoan. Hala ere, Jaurlaritzak gogorarazi du aukera badagoela oraindik bekak eskatzeko ohiko epea amaitu den arren. Gurasoen egoera eskaera epea amaitu ondoren aldatu bada -langabe geratzea, adibidez-, Hezkuntza Sailaren laguntza jasotzeko aukera izango dute horiek guztiek.
Jaurlaritzaren beka sistemarekin ez dira gustura familia ugariak. Hirukide elkarteko presidente Diez Caballeroren arabera, beketan ezarritako errenta maila baxuegia da, eta familia gehienek ez dute laguntza jasotzen, errenta altuagoa dutelako. Datorren urtean zer gertatuko beldur da, krisiak Jaurlaritza harrapatu eta beketan eragina izango duelakoan.